Ongietorri ingelesaren irakaskuntzari buruzko blog honetara.
Denok dakigu, gaurko gizarte global honetan bizitzeko, ingelesa menderatzearen beharra egunez egun handitzen ari dela. Ez dugu "a relaxing cup of café con leche in Plaza Mayor" bezalako esaldirik gehiago entzun nahi, ez dugu atzerrira joan eta isilik gelditu nahi, ez dugu ezjakintasun honek gure karrera profesionalean trabarik suposatzea nahi. Horregatik, eskolatik ingelesaren irakaskuntza optimizatzeko ahalegin handiak egin beharrean aurkitzen gara, metodologia komunikatiboak erabiliz eta ditugun baliabideei etekina ateraz.
Gure ikasleen errutinen artean Interneten nabigatzea, txateatzea eta jolasetan ibiltzea (asko eta asko ingelesez) daude. IKTek irakasle guztiei eta bereziki ingelesekoei eskaintzen dizkiguten aukerak anitzak dira. Inoiz ez da horren erraza izan kanpoko mundua gelara ekartzea, material erreala erabiltzea eta benetazko testuinguru komunikatibotan parte hartzea.
HH eta LHko etapetako ikasleez ari garenez, hauen adina kontutan izan behar dugu baliabideak aukeratzeko garaian. Hala ere, testu prozesatzaileak, informazio bilaketak eta e-mailak bidaltzea baino askoz ere gehiago egin dezakegu. Esate baterako,
-Interneten dauden hizkuntza ariketak egin.
-Lantzen ari garen gaiekin erlazionatutako web orriak erabili.
-Beste herrialdetako ikasleekin komunikatu: e-mailez, txatez edo foroetan parte hartuz.
-Online baliabideak erabili, adibidez, hiztegiak.
-Elkarlana bultzatu Web 2.0-ak lan simultaneorako ematen dituen tresnak erabiliz.
-Ekoiztutako lanak publikatu blog, wiki edo antzeko zerbitzuen bidez.
-Ikasleen arteko komunikazioa, eztabaidak eta feedbacka sustatu.
Antzeko jarduerak burutuz, abantaila handiak lortuko ditugu:
-Ingelesaren irakaskuntza errealitatearekin lotuko dugu, egiten dutena erabilgarria izango baita. Gainera, benetako materiala erabiliko da (testuak, entzunaldiak...) eta komunikazio erreala emateko testuinguruak sortuko dira.
-Materialak anitzak izango dira, ez gara testu-liburu edo ariketa liburu batean soilik oinarrituko.
-Materiala sarean egongo da eta ikasleek eskura izango dute, edozein tokitik eta edozein ordutan; beraiek kudeatzen dutelarik bere ikasketa prozesua.
-Irakaskuntza pertsonalizatuago bat eskaintzeko aukera izango dugu, ikasle bakoitzaren interes, ikasteko estilo eta gaitasunetara egokituz.
-Ikasleen motibazioa handitu egingo da, beren lana publikatzean audientzia zabalago baten aurrean aurkituko baitira.

No hay comentarios:
Publicar un comentario